‘Aldatu Aurretik’ Euskal Herriko urteko diskoa izateko aukera handiak dituen lan kontzeptuala da. 10 abestiz osatuta dago, pop zuzena uztartzen duena eta edukiz betea dagoena. Zea Mays, Oreka TX, Ede eta Ginestà artistekin elkarlanean euskara, katalana eta gaztelania biltzen ditu azken lanak.

 

Diskoak aldaketa ardatz duen bidaia proposatzen du eta kantuz kantu gai honen inguruan hausnartzera gonbidatzen du entzulea. Tom letragilearen inspirazio iturri nagusia aitatasuna izan da, baita aldaketa horrek bere baitan loratu dituen sentimendu guztiak ere. Taldearen hitzetan, “diskoa bere bizitzan aldaketak pairatzen ari dituen edonorentzat idatzita dago, denak etengabe aldatzen ari baikara”.

 

Musikalki gipuzkoarrek aurreko lanetan baino soinu garbiagoa eta apaindura gutxiagokoa aurkezten dute. Modu honetara abestiak -melodiaz, letraz eta harmoniaz osatutakoak- benetako protagonistak direla argudiatzen dute. 10 abestien artean dantza-giroa iradokitzen duten kantak daude,  hala nola, ‘Ardi Beltzak’ eta ‘Zurekin’. Bestetik, barnekoagoak diren abestiak ere nabarmentzen dira: ‘Ez nintzen Ni Izango, Esa No Sería Yo’ eta ‘Nondik Hasi’, besteak beste. Taldeak eremu berriak miatzeko ahalegina egin du, 2020an hasi zenetik denbora labur baina bizian hartu duen heldutasuna erakutsita.

 

Diseinua eta argazkia Andoni Beristainek egin ditu, BBK live edo Veuve Cliquot bezalako markentzat lan egin duen diseinatzaile eta argazkilari ospetsuak. Artista bisualak diskoaren muina azalean islatu du. Oso elementu gutxirekin diskoaren eta kantuen sentimendu orokorra argazki bakar batean laburbildu ditu.

 

Felix Davis soinu ingeniariak Londreseko Metropolis Studion masterizatu du (Dua Lipa, U2, Artic Monkeys, Ed Sheeran) eta Zestoako Gaztain estudioetan ekoitzi, nahastu eta grabatu dute Eñaut Gaztañagaren agindupean. Disko hau taldearen soinu eta ikusmen iruditerian oinarrizkoa izango dela iragartzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude