BULEGO 2019an jaio zen Azkoitian, ideia argi batekin: musikaren bitartez bakoitzari bere bidea eraiki eta gozatzeko gonbidapena egitea, bizitza bere erpin, gorabehera, gailur eta lautadekin sentituz.
Genero musikalekiko dauden aurreiritziak alde batera utziz, senari jarraika sortzen dituzte kantak, bai letretan eta bai musikan sentimenduei tokia eginez.
Urrats bat harago joaten saiatzen dira etengabe: BULEGOren proiektu bakoitzean diziplina ezberdinetako profesionalekin elkarlanean aritzen dira, publikoari musikatik harago doan benetako esperientzia bat eskaintzeko helburuarekin.
Denbora gutxian indarrez sartu da eszenatokietan, Sonorama, BBK Live, Tribu, MUWI, Sierra Sonora edo EHZ bezalako jaialdietan aritzeaz gain, Kursaal, Euskalduna edo Baluarte bezalako aretoak betez.
Euska Herriko mugetatik haratago, Estatu Batuetan, Japonian, Finlandian, Bruselan, Parisen, Portugalen, Londresen, Madrilen eta Bartzelonan egon da besteak beste euren musika lau haizetara zabalduz eta euskaraz abesteak mundurako ateak zabaltzen dizkietela erakutsiz.
2025eko azaroaren 9an BULEGOk atsedenaldi mugatu bat hartuko du, datozen proiektuei merezi duten denbora eskaintzeko.